/    /  Literatura Unibertsala  /  Gauzen ordena naturala

Gauzen ordena naturala

17,50

Lobo Antunesen literatura esplikatzeko esan izan da Célinerekin bukatua zen literatura motatik abiatu zela baina psikoanalisiaren ekarria erantsirik.

 

Lobo Antunesen eleberrien artetik, Gauzen ordena naturala iruditzen zitzaion onena José Cardoso Pires idazleari. Egileak berak ez zuen dudarik, garai hartan: «Hau da idatzi dudan liburu onena; ez, ordea, seguru aski, nire erabatekoa».

 

Kritikarien aldetik harrera ona izan du nazioarte osoan, eta klasiko handien parean jarri dute. New Yorker aldizkariak, esate baterako, honako hau zioen: «Mundu zabaleko idazleen artetik psikologia-erretratugilerik trebeenetako bat».

 

Liburu honetan, gertalekuak hara-hona dabiltza, denbora-aldaketekin bateratsu. Portugal osoa korritzen dute narrazioek, Galiziako mugan (Monção-n) hasi eta hegoaldean (Tavira-n) buka, Afrika hego-ipar zeharkaturik (Johannesburg, Mozambike eta Aljeria). Hala ere, gertakari gehienak Lisboa inguruan kokatzen dira, batez ere pertsonaien umezaroko Benfica auzoan.

 

Itzultzailea: Iñigo Roque Eguskitza.

Antonio Lobo Antunes

Psikiatra izan zen, eta Angolako gerran eman zituen bi urte. Brasilgo aristokrata baten semea, Portugalgo klase sozialen arteko arrakala lazgarriak islatu izan ditu. Bere obra eta idazkera anbizio izugarrikoak dira, eta hainbat kritikarirentzat, azken mende erdiko idazlerik bikainenetakoa da. Iberiar Penintsulak herrialde bakarra izan beharko lukeela babestu izan du prentsan idatziriko artikuluetan.

Eleberri koral eta polifoniko honetan, idazlariak pertsonaiei ematen die hitza, eta haiek, lehen pertsonan narratu heinean, trama ehunduz joaten dira, gertaera beraren askotariko bertsioak emanez, betiere gai berak erdigunetzat: familia, diktadura, Portugaleko koloniak, diktaduraren osteko demokraziak eragindako desilusioa, maitasun eta sexu harremanak… Eta anabasa horretatik, sinfonia oso bat lor dezake irakurleak, konpositoreak (egileak) idatzitako partiturari interpretazio (berbaren adiera gehienetan) pertsonal halako bat atxikita.

Karlos del Olmok, 2013ko azaroaren 29ean.

Liburuak bost barne liburu ditu eta bakoitzean bi ahots txandatzen dira. Egitura horrek ez du batere errazten irakurketa erosoa, irakurleak ahalegin konplexuagoa egin beharko baitu egilearen mundu ez arrazionalean bete-betean murgildu nahi badu. Pertsonaien ugaritasunak, eta ahotsak arrasto lausotuaz aldizka agertzeak, areagotu egin lezakete narrazioan galtzeko arriskua. Nolanahi ere, Lobo Antunesen teknika narratiboen oparotasunak (paralelismoak, kontaketa ezberdinak lerro batetik bestera, onomatopeiak, isiluneak, puntuazio molde bitxiak eta abar) literatura handiaren ateak zeharkatzeko aukera paregabea eskaintzen du. Literatura aldatu nahi izan duten idazleen gorpuz beteta dago literaturaren historia. Lobo Antunes ez da horien artean izango. Ondotxo baitaki literatura bizitza baino gehiago dela. Gauzen ordena naturala iraultzeko ezinbestekoa da hegaldi poetikoak eskaintzen duen askatasun irreala. Finean, lurpean hegan egitea.

Hasier Rekondok, 2013ko azaroaren 10ean.

Itzultzailea

Iñigo Roque Eguskitza (Portugalete, 1976). Euskal Filologia ikasi, eta itzulpengintzako graduondokoa egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun, UPV/EHUko Euskara Zerbitzuan dihardu zuzentzaile-lanetan. gehienbat portugeseko lanak ekarri ditu euskarara, tartean Antonio Lobo Antunesen Gauzen ordena naturala, zeinari esker jaso baitzuen, 2014an, Euskarazko Literatura Itzuliaren Euskadi Saria. EIZIEko zuzendaritza taldeko kide izan zen.

Informazio gehigarria

Orrialde kopurua

356

Neurria

13 x 19,5 zentimetro

ISBN

978-84-9746-812-1

Argitaratze data

2013/04/30

Baliteke hauek ere gustuko izatea…

Biba literatura!