Ez duzu libururik saskian.

  /    /  Literatura  /  Jakobian eraikina

Jakobian eraikina

19,00

Jakobian eraikina 1930ean altxarazi zuen Hagop Jakobian handiki armeniarrak, Kairoko erdigunean. Etxe benetan dotorea, leku bikainean. 1980 inguruan gaude baina, garai hobeak ezagutu ditu eraikinak. Auzokide batzuek bulego gisa erabiltzen dituzte orduko etxe luxuzkoak. Beste batzuek berriz etxegainean bizi beharra daukate, trastelekuak aterpe bihurtuta.

 

Denetik aurkituko dugu eraikinean: Hemen aristokrata gonazale bat, hor Le Caire egunkariko zuzendari homosexuala, han gar erlijiosoak jotako gazteak edota aberats lizunkoiak. Ustelkeria eta esplotazio lotsagabeena nahasian ibiliko dira.

 

Tahak, atezainaren semeak, baditu bere emaztegai Busainarekin bete nahi dituen ametsak. Ustelkeriarekin topo egitean baina, islamismo erradikalera lotuko da, eta erabakiak ondorio latzak izanen ditu. Munduan zehar zentsura eta arrakasta txanpon beraren bi aldeak balira bezala ezagutu dituen liburu honengatik jaso zuten itzultzaileek 2012ko Euskadi literatur saria.

 

Itzultzaileak: Arantzazu Royo eta Xabier Olarra.

Saila Etiketak: , ,

Alaa Al Aswani

Idazle egiptoarra da. Kairoko lizeo frantsesean ikasi ondoren, hortz-kirurgiako ikasketak egin zituen Chicagon, Illinoiseko Unibertsitatean, eta dentista da lanbidez. Egiptoko egunkari nagusietan idatzitako kritika politiko eta kulturalek egin zuten ezagun. Kifaya (Aski da) oposizio-mugimendua sortu zuen, baita 2011. urteko iraultzan aktiboki parte hartu. Jakobian eraikinak, bere bigarren eleberriak, mundu mailako arrakasta lortu zuen, egiptoar gizarteko arrakalak azaleratuz. Liburua biziki erasotua izan zen. Alaa Al Aswani egun New Yorken erbesteratuta bizi da.

Estilo zuzena, ildo narratiboak elkarrekin trebe gurutzatuz, Jakobian eraikina base-kanpamentu halakoa, presentetik iraganera salto eginik askotan, baina irakurlea galarazi gabe, eszena gogorren deskribapenei muzin egin gabe, pertsonaien sentimenduetan eta ezinegonetan irakurlea sarrarazten jakinik, erretratu kritiko zabal eta sakona eskaini digu Al-Aswanik: mundu hari buruzko topiko diren gure ikuspegiak fintzeko balio digun diskurtso narratibo batek —horixe narratibo hutsa, egilearen prediku moralista zehatzetatik guztiz libre— harrapatuko du ezinbertzean euskal irakurlea.

Bixente Serrano Izkok, 2012ko apirilaren 1ean.

Gure artean aski bakanak dira, oraindik, arabieratik euskarara ekarritako literatur lanak, eta horrek berez egiten du interesgarri Jakobian eraikina nobela hau. Baina, horrez gain, are interesgarriago bihurtzen du orain argitaratu izanak, noiz eta Egipton eta beste herri arabiar batzuetan aldaketa politikoen bidetik abiatuta daudenean. Izan ere, Alaa Al Aswani nobela honen egileak, musulman ezkertiarra bera, parte-hartze aktiboa izan zuen Mubarak presidente ohiaren kontrako oposizio-mugimenduan, eta orain ere borroka ideologikoan segitzen du Egipton benetako demokrazia ezartzearen alde.

Inma Erreak, 2012ko apirilaren 18an.

Itzultzailea

Arantzazu Royo (Hernani, 1967) itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziaduna da. 27 urte daramatza EIZIE elkarteko idazkaritzan lanean. Igela argitaletxean Mohamed Xukriren trilogia autobiografikoa eta Alaa Al Aswaniren Jakobian eraikina itzuli ditu arabieratik, eta azken honekin 2012. urteko Euskadi itzulpen saria lortu. Xabier Olarra (Tolosa, 1953) Hizkuntza Erromanikoetan lizentziaduna da, Igela argitaletxearen hiru sortzaileetakoa. Euskara eta euskal literaturako irakasle izana da hainbat urtez, hala nola Nafarroako Gobernuko itzultzaile 1988az geroztik. 40 liburutik gora itzuli ditu, eta sari ugari jaso, tartean Euskadi itzulpen saria 2006an, 2012an eta 2016an, eta Dabilen Elea saria 2013an.

Informazio gehigarria

Orrialde kopurua

308

Neurria

12 x 20 zentimetro

ISBN

978-84-939459-1-6

Ber. ISBN

978-84-121612-8-1

Argitaratze data

2011/10/30

Ber. argitaratze data

2021/03/05

Baliteke hauek ere gustuko izatea…

Biba literatura!